ESKOLAKO AGENDA 2030 PROGRAMA BERRIA ABIAN DA AZKOITIKO IKASTETXEETAN

Ikasturte honetan, esku-hartzea plana jarriko dute martxan

Aurtengo Eskolako Agenda 2030 programak 21 urte beteko ditu. Eta oraingoan, berrikuntza bati emango dio hasiera! Iazko ikasturtean, lanketarako aukeratutako Garapen Jasangarrirako Helburua 7. izan zen: Energia eskuragarri eta ez kutsatzailea. Ikastetxeetako eta herriko diagnostikoa egiteaz gain, ikasleek hainbat ekintza aukeratu zituzten lehentasunezkoak.


Ekintza horiek hurrengoak dira: gabonetako argiteriaren azterketa eta energia berriztagarrien inguruko informazioa herritarren artean zabaltzea. Aurten, esku-hartze plana jarriko dute martxan, beraz, teoriatik praktikara doaz.


Gabonetako argiteriaren lanketa lehen hezkuntzako ikasleek ari dira egiten eta energia berriztagarrien inguruko gaia berriz, bigarren hezkuntzakoek. LHkoek izan dira ikerketa egiten hasi diren lehenak. Ikastetxean informazioa bildu, proposamenak landu eta ondoren, azaroaren 16an burututako Eskolen arteko Foroan, ideiak bateratu dituzte. Bertan, bai herritarrei bai dendariei inkestak egitea erabaki zuten, galdetegia denen artean amankomunean jarriz. Hartutako erabakiekin, abenduaren 14an udaletxean izan dira Ana Azkoitia alkatearekin biltzera.


Bigarren hezkuntzakoen Foroa urtarrilaren 14an izango da. Eta gaztetxoenek eginda bezala, ikasturte honetan garatzen ari diren ekintzak batuko dituzte. Bi ikasturtetako zikloa martxan da, hemendik aurrera, herriko haur eta gazteen parte-hartzea ekintza zehatzetan gauzatuko delarik.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude